Musikaste: hiru erabateko estreinaldi

Artículo escrito por Director
el 30 apirila 2014

Landarbaso Abesbatzak hiru Erabateko Estreinaldi eskainiko ditu Musikasten, maiatzaren 15etik 26ra egingo den Euskal Musikaren XLI. astean. Ostirala maiatzaren 23an 20:30etan izango da, Abesbatzen Egunean, Errenteriako Fatima Parrokian (Gipuzkoa).

Eskainiko diren hiru estreinaldiak ondorengoak izango dira: Josu Elberdin pasaitarraren “Las Alas de June”, June Sanchez Tolaretxipi txikiaren oroimenez, Iker Gonzalez zumaitarraren “Ave Regina Caelorum” eta Junkal Guerrero andoaindarraren “Confitemini Domino”.
Obra horiek guztiak enkarguz idatziak dira Landarbaso Abesbatzak konpositoreei hala eskatuta. Hiru obra horietako azken biak gainera Rigan entzungai izango dira, izan ere, Landarbaso Abesbatza Rigan (Letonian) egingo den Abesbatzen Olinpiadarako aukeratua izan baita. Bertan mundu osoko abesbatzekin batera arituko da lehian uztailaren 9tik 14ra.

Musikasteko Abesbatzen Egun honetan, Landarbasoz gain ariko diren beste taldeak honakoak dira: Donostiako Ertizka Otxotea, Gasteizko Olabide Haur Abesbatza eta Oiartzungo Lartaun Abesbatza izango dira entzungai, Juan Urteaga, Jose Mª Gonzalez Bastida, Tomas Aragües, Joselu Ruiz de Gordoa, Francisco Ibañez, Koldo Uriarte, Xabier Sarasola, Alberto Mitxelena, Sabin Salaberri, Josu Elberdin, Iker Gonzalez eta Junkal Guerreroren obrekin. Euskal abesbatza musikaren festa ederra!

Si te ha gustado, te recomendamos…