Landarbaso Abesbatza txapeldun 2nd Asia Grand Prix Finalean

Artículo escrito por Miren Agirregomezkorta
el 1 abuztua 2023

Askok jakingo duzuenez, Landarbaso Abesbatzak arrakasta handia lortu du uztailean Balin, Indonesian: urrezko hiru domina jaso eta lehen postua lortu du 12th International Bali Choir Festival jaialdiko abesbatza mistoen eta folklorearen kategorietan, baita 2nd Asia Grand Prix jaialdian ere. Azken hau, abesbatzaren historiako lorpenik handiena bilakatu da, Grand Prix bat irabazi duen lehen abesbatza euskalduna eta balentria Asian egin duen Europako lehena izan baita.

Bidaia hau 2019an lortutako arrakasten jarraipena izan da, 8th Bali International Grand Prix finala irabazi genuenean. Horri esker, lau urte (pandemia barne) generamatzan 2nd Asia Grand Prix Final txapelketan lehiatzeko prestatzen, eta ahaleginak merezi izan duela erakutsi dugu.

Hurrengo paragrafoetan programaren deskribapen zehatza eta parte hartu dugun kategoria bakoitzean lortutako balorazioak aurkituko dituzu, baita ondorengo bidaiaren eta Errenteriara itzultzean izandako harrera beroaren kontakizun labur bat ere.

2nd Asia Grand Prix finala

Uztailak 25


Programa: konplexutasun handiko eta garai, herrialde eta estilo askotako obrak aurkeztu ditugu.

  • Lay a Garland, Robert Lucas de Pearsall (Ingalaterra, 1795 – 1856)
  • Ametsetan, Javier Busto (Hondarribia, 1949)
  • Kyrie, Pärt Uusberg (Estonia, 1986)
  • Atsalums, Jēkabs Jančevskis (Letonia, 1992)
  • Akerra ikusi degu, Jesús Guridi (Gasteiz, 1886 – 1961)

Epaimahaiaren balorazioa: 2nd Asia Grand Prixeko irabazleak.

Musika sakratuaren kategoria

12th International Bali Choir Festival, uztailak 27

Programa: gure apustuak bi eta lau abesbatzetara abesten diren obrak biltzen ditu, Lauda Sion Salvatorem eta Sicut Cervus-ekin, zeinarekin Provenceko lehiaketan lehen saria lortu genuen 2022an.

  • Lauda sion salvatorem, Tomás Luis de Victoria (Ávila – Madrid, 1548 – 1611)
  • Kyrie, Pärt Uusberg (Estonia, 1986)
  • Sicut Cervus, Lorenzo Donati (Italia, 1972)

Epaimahaiaren balorazioa: bigarren postua, 100etik 87,52 punturekin, Italiako irabazleengandik 1,15 puntura. Urrezko domina.

Folklore kategoria

12th International Bali Choir Festival, uztailak 27

Programa: euskal doinu tradizionalak lehen mailako lan garaikideekin konbinatu ditugu Asiako epaimahaia eta publikoa euskal musikarekin harritzeko.

  • Ametsetan, Javier Busto (Hondarribia, 1949)
  • Artiz adarrean – Kattalin, Julen Ezkurra (Izarra, Araba, 1930 – 2022)
  • Ama begira zazu, Víctor Zubizarreta (Bilbo, 1899 – 1970)

Epaimahaiaren balorazioa: lehen postua, 100etik 94,07 punturekin, urrezko domina. Ezohiko puntuazio hori lehiaketako kategoria guztien artean altuena izan zen, eta baita bidaiako ezusteko zirraragarrienetako bat ere.

Abesbatza mistoen kategoria

12th International Bali Choir Festival, uztailak 27

Programa: 2nd Asia Grand Prixen aurkeztutako piezarik zorrotzenetako batzuen aldeko apustua egin dugu berriro, arrakasta handiz.

  • Lay a Garland, Robert Lucas de Pearsall (Ingalaterra, 1795 – 1856)
  • Atsalums, Jēkabs Jančevskis (Letonia, 1992)
  • Akerra ikusi degu, Jesús Guridi (Gasteiz, 1886 – 1961)

Epaimahaiaren balorazioa: lehen postua, 100etik 88,20 punturekin, urrezko domina.

12th International Bali Choir Festivaleko Grand Prixa

Uztailak 29

Programa: ordura arte lehiaketan interpretatu ez den lan bat aurkezteko baldintza betetzeko, Aste Santuko Et in terra pax proiektuan abestu genuen bitxietako bat sartu dugu, Bogoroditse devo.

  • Bogoroditse devo, Sergei Rachmaninoff (Errusia, 1873 – 1943)
  • Atsalums, Jēkabs Jančevskis (Letonia, 1992)

Epaimahaiaren balorazioa: Indonesiako Diponegoro Engineering Student Choir abesbatzari emandako saria.

Lehiaketetatik haratago

Emaitzekin pozik, Landarbaso Abesbatzako koralista eta laguntzaileok turismo egun batzuk izan ditugu Java uhartean, Yogyakartan eta Jakartan, eta Borobudur eta Prambanam bezalako tenplu garrantzitsu eta itzelak bisitatu ditugu.

Eta, amaiera gisa, Landarbasoko Dizdizka eta Kontariko kideei, senideei eta lagunei eskerrak eman behar dizkiegu Errenteriara iristean egin diguten harrera bero eta ustekabekoagatik. Ez dira falta izan bertsoak, agurra, lore sortak eta, jakina, emozio handia. Benetan hunkigarria da herriak eta Landarbaso familiak gure abesbatzari dion maitasuna estimatzea. Eskerrik asko!

Si te ha gustado, te recomendamos…