Joan den ostegunean, azaroak 9, Landarbaso Abesbatzako koralistak galaz jantzi ginen. Aukera ez zen gutxiagorako: Onda Cero sarien banaketara joan ginen Donostiako Londres hotelera.
Bertan, gure zuzendariak, Iñaki Tolaretxipik, uda honetan Indonesian taldearen garaipena aitortzen duen garaikurra jaso zuen, hunkituta. Izan ere, Landarbasok 2nd Asia Grand Prix saria irabazi zuen eta 12th Bali International Choir Festival jaialdian sari ugari eskuratu zituen.
Floren Mancisidor, Onda Cero Euskadiko zuzendariak adierazi zuenez, kateak bere balioekin bat datozen pertsonak, erakundeak eta enpresak saritu nahi ditu: pluralak, askeak eta solidarioak direnak, alegia. Eta gaineratu zuen: “Elkartasuna bizimodutzat duen jendea saritzen dugu”. Landarbasoren musikan bere alabarekin elkarbanatutako lotura eta gozamen puntu bat aurkitu duela ere aitortu zuen, txantxa gisa.
Eduardo Yañez, Onda Ceroko kazetariak eta Más de Uno Gipuzkoako arduradunak, hitz ederrak eskaini zizkion taldeari: “Koral honek eguneroko lana, konstantzia eta emaitza oso onak batzen ditu. Hain zuzen ere, balio horiei esker, munduko abesbatzen panoramaren gorenera heldu dira“.
Tolaretxipik, hitzaldian, errekonozimendua eskertu zuen eta koralista guztien harrotasuna transmititu zuen. “Taldeko giroa ikaragarria da”, esan zuen, eta “ahalegin amaigabearen kultura eta ilusioz egindako lana, nahiz eta gure egunik onena ez izan” nabarmendu zituen.
Eta amaitzeko, gure harrobia ere goraipatu zuen, 170 laguneko talde bihurtzen gaituena: “Oso harro gaude haietaz, opari bat baitira guretzat”.
Landarbaso Abesbatzarentzat benetako ohorea da sari hau jasotzea eta bihotzez eskertzen diogu Onda Cerori gugan pentsatu izana. Gainerako sarituei ere zorionak ematen dizkiegu:
- Tati Garmendia, Super Amara Bera Berako kirol zuzendaria, Kiroletan.
- Gureak, adimen-urritasunen bat duten pertsonekin egiten duten gizarteratze-lanagatik, Gizarte Ekintzan.
- Eurogap marketin-enpresa, bere sektorean aitzindariak direlako, Enpresan.
- La Oreja de Van Gogh, 25 urteko ibilbide bikainagatik, sari berezian.
Eskerrik asko!