Hemen da Euskaraokea!

Artículo escrito por Miren Agirregomezkorta
el 13 ekaina 2023

140 haur baino gehiago oholtza gainean: horixe da, hain zuzen, joan den igandean, ekainaren 11n, Euskaraokeak gainditu zuen marka. Kontari-Landarbaso abesbatzako kideek, baita Bizarain Ikastolako, Koldo Mitxelena Ikastetxeko, Orereta Ikastolako eta Telleri-Alde Ikastetxeko abeslariek ere, arrats polita eskaini zieten Fatima elizara hurbildu ziren familiarteko eta lagunei.

Abestutako obren artean, euskal musikako zenbait bitxi izan ziren: “Arratsalde honetan”, “Lau teilatu” edo “Ilargia”, esaterako. Baina, abesti ezagun hauen artean, aukera berrixeagoak ere interpretatu zituzten artista txikiek, hala nola, Huntza taldearen “Erre zenituzten” edota Izaroren “Paris”.

 

Maddalen Dorronsoro zuzendariak azaldu zuen bezala, kontzertu berezia izan zen. Izan ere, abesti guztiak segidan interpretatu ziren, tarteko txalorik gabe, ikuskizunari jarraitasuna ematearren. Gainera, publikoak ere gogotik kantatu ahal izan zuen karaoke parte hartzaile honetan. Plazer handia izan zen musika egitea zuekin batera

 

Ekitaldiaren amaieran, Dorronsorok lore sorta ederra jaso zuen Kontari-Landarbaso abesbatzako neska talde baten eskutik, hainbeste urtetan egindako lana eta dedikazioa eskertzeko. Merezia, zalantzarik gabe!

Akaso, abeslari txikitxoek utzi ziguten garbien zein izan zen Euskaraokearen funtsa: denok batera abestea, ELKARREKIN!

Si te ha gustado, te recomendamos…