Ongi merezitako oporrak pasa ondoren, irailaren lehen astean Landarbaso Abesbatza buru belarri jarri da udazken honetako proiektu ezberdin eta anitzekin.

Honela, pasa den urriak 5, 12 eta 13an, Landarbasok Beasaingo Loinatz Abesbatzarekin eta Gerardo Rifón organujole donostiarrarekin batera Gipuzkoako Organu Erromantikoaren XIV. Zikloan parte hartu du Azkoitia, Bergara eta Beasainen hiru emanaldi eskainiz. Kontzertuak 2 zatitan egon dira banatuak: batetik John Rutter konpositore ingelesaren obra ezberdinak abestu dituzte bai Landarbasok eta Loinatzek (bakarka eta bi abesbatzak batera) eta ondoren, 2 abesbatzak batera Josef Rheinberger-en “Stabat Mater” eta konpositore beraren koru bikoitzerako idatziriko Meza eskaini dute. Benetan esperientzia aberasgarria izan da bi abesbatzek batera izan dugun hartu-eman profesionala baina baita pertsonala ere, kontzertuez gain, hauen aurretik Beasainen eta Errenterian eginiko entseguekin batera.

Datorren azaroaren 2an, Landarbasok “IV. Musikagileak Musika Garaikidearen Zikloa”ren barruan emanaldi bat eskainiko du Donostiako San Telmo Museoak eskaintzen duen marko paregabean. MUSIKAGILEAK, Euskal Konposizioaren Sustapenerako Kultur Erakundea (Euskal Herriko Musikagileen Elkartea) da, irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta garai guztietako euskal musika sustatzea eta indartzea du xede nagusia, gaur egungo sortzaileen obren zabalkundeari arreta berezia emanez. Helburua hori izanik, Landarbasok zikloaren barnean eskainiko duen emanaldian David Azurza, Francisco Escudero, Koldo Pastor, Jesús Egiguren, Gonzalez Bastida, Josu Elberdin, Javi Busto eta Guridiren obrak interpretatuko ditu besteak beste.

Musika erromantikoarekin hasi, musika euskaldunarekin jarraitu eta abenduan nola ez gabon musikak ezin hutsik egin. Landarbasok datorren abenduaren 14ean Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren sede nagusian, EOS-ek antolatzen duen Matinée-tan parte hartuko du. EOS-ak antolatutako ziklo bat da Matinee-a. 2013-2014 Denboraldian 16 emanaldi ezberdin antolatu dira eta bakoitzak berezko izaera du eta ikuspegi ezberdina du abiapuntu.  Musika klasikoa, musika barrokoa edo rocka, musika sinfonikoa edo dantza lagun duen musika izango da aurtengoan; Landarbaso Abesbatzak Euskadiko Orkestrako kide batzuek osatzen duten Kaabestri taldearekin arituko da. Landarbasok eta Kaabestri taldeak programa berritzaile bat ekarriko dute aditzera, Dan Forrest musikari amerikarrak moldaturiko gabon kantak hain zuzen ere. Musika goxoa, oso entzungarria eta akorde liluragarriz beteriko programa, gabonak gure artean sentitzen hasteko aukera paregabea benetan.

Hau guztia gutxi balitz urriaren 31ean, iparraldeko “Arin” koruarekin batera Donibane Lohitzuneko parrokian euskal folkloreaz osaturiko kontzertu polit bat eskainiko du Landarbasok. Azken urteotan ohitura polit batean bihurtzen ari den emanaldia da honako hau eta Donibane Lohitzuneko Eliza kanpandorreraino bete ohi da doinu euskaldunak entzuteko. Azaroaren 23an Landarbasok Errenteriako Orereta Ikastolaren” 50. urteurreneko ekitaldian parte hartuko du 2 obra eskaainiz, horietako bat Iker Gonzalez musikari zumaiar gazteak egun honetarako espreski moldaturiko “Iparragirre abila dela” izanik. Abenduaren 14ean Landarbasok Altzan ere kontzertu bat eskainiko du, euskal folklorea, polifonia eta gabon kantak interpretatuz. Azkenik, abenduaren 22an, Errenteriako Kaputxinoen elizan urtero egin ohi den gabon kontzertua eskaainiko du Landarbasok Lezoko “Sutargi” eta Oiartzungo “Lartaun” abesbatzekin batera.

Ikusi daiteken moduan, kultura eta abesbatzen mundua gogoko duen orok aukera ezberdinak eta programa oso ezberdinez gozatzeko aukera izango du Landarbasorekin batera hurrengo 2-3 hilabeteetan. Lan gogorra baina oso polita guztiontzat!!!!

Comparte este artículo