Gazte zein ikusle, musikarekin hunkituta eta dantzan

Artículo escrito por Miren Agirregomezkorta
el 28 apirila 2024

Gazte Koruen II. Topaketaren amaiera kontzertuak goraino bete zuen Lekuona Fabrikako auditoriuma

Gazteek oso leku gutxitan goza dezakete musika koralaz. Are gutxiago dira probintzia desberdinetako taldeak elkartu eta tailerrak, entseguak eta kontzertuak partekatzeko berariaz diseinatutako topaketak.

Hori guztia posible izan da joan den asteburuan, apirilaren 27an eta 28an, Landarbaso Abesbatzak antolatutako Gazte Koruen II. Topaketan. Topaketa horretan Landarbasoko Dizdizka, Noaingo Julián Gayarre Musika Eskolako Gazte Abesbatza eta Gijongo Musika eta Dantza Kontserbatorio Profesionaleko Gazte Abesbatza elkartu ziren Errenterian. Amaiera ekitaldi gisa, Lekuona Fabrikan kontzertu bateratua eman zuten igandean. Ikusleek, sarrerak agortuta, kalitate handiko ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten.

Landarbasoko Dizdizka habanerak, Junkal Guerreroren Mutil txaleko gorri bezalako euskal lanak eta Michael Barretten afrikar estiloko konposizioak interpretatuz hasi zen. Izan ere, konpositore honekin lan egiteko aukera izan zuen joan den udan, Europa Cantat Junior 2023 jaialdian.

Landarbasoko Dizdizka

Bigarren taldea Gijongo Musika eta Dantza Kontserbatorio Profesionaleko Gazte Abesbatza izan zen, euskal konpositoreen eta bere folkloreko lanak interpretatu zituena. Gainera,  Bodvar D. Moe bezalako konpositore garaikideen obra txundigarriak ere eskaini zituzten, Sator, esaterako.

Gijongo Musika eta Dantza Kontserbatorio Profesionaleko Gazte Abesbatza

Azkenik, Noaingo Julián Gayarre Musika Eskolako Gazte Abesbatzak ustekabean harrapatu zuen publikoa nazioarteko pop klasiko handien interpretazioarekin, pianoz eta bateriaz lagunduta, koreografiaz eta energiaz betetako presentzia eszenikoarekin.


Noaingo Julián Gayarre Musika Eskolako Gazte Abesbatza

Kontzertuaz gain, hiru abesbatzetako gazteek bi tailer izan zituzten, ahots-teknika eta agertokian duten presentzia hobetzeko. Lehena Izaskun Zurutuza bakarlari eta abesbatzen zuzendariak eman zuen, nerabeen kantu koralean aditua, eta ahotsari zuzenduta egon zen. Bigarrena, berriz, Victor Galvánek egin zuen, eta gorputz adierazpen tailerra izan zen.

Tailerrak Errenteriako Niessen kulturgunean eman ziren.

Topaketa honek garrantzi estrategikoa du: berariaz gazteentzat diseinatuta dagoenez, Euskadin mota honetako proiektu bakarra eta erreferentzia da. Horregatik, hitzorduak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuaren (ekitaldiaren babesle nagusia) eta Errenteriako Udalaren laguntza du.

Si te ha gustado, te recomendamos…