Europa Cantat Junior 2023, Landarbasoko Dizdizkako gazteek kontatua!

Artículo escrito por Miren Agirregomezkorta
el 13 uztaila 2023

Gante (Belgika) gazteen koru musikaren Europako hiriburua bihurtu da uztailaren 5etik 13ra, Europa Cantat Junior 2023 jaialdiari esker. Nazioarteko jaialdi berezi honek abeslari gazteentzako tailer, kontzertu eta ikastaro ugari antolatzen ditu, eta Landarbasoko Dizdizkak aukera paregabe hau ederki aprobetxatu du.

Baina ez gara gu izango horren berri emango dizugunak: protagonistei emango diegu hitza, esperientzia bizi izan duten gazteei, Europa Cantat Junior 2023an egindako lanaren xehetasun guztiak konta diezazkiguten.

Uztailaren 6a

“Europa Cantat Juniorreko gure lehenengo eguna! Goizean neskak eta mutilak banatu egin gara eta bi tailer desberdinetan parte hartu dugu. Ondoren, elkartu eta ikasitakoa partekatu dugu gure artean, eta jaialdiko beste abesbatzekin batera bazkaldu dugu. 

Gure abestiak elizan entseatu ditugu bi egun barru dugun kontzerturako eta Ganteko zentrotik paseatzen ibili gara, oso hiri polita iruditu zaigu! Gainera, arratsaldearen amaieran itsasontzian ibiltzeko aukera izan dugu Ganteko ibaian zehar, ze aukera polita! Eta kanpinera bueltatu gara lasai-lasai denok batera afaltzeko”.

Lide Carballo

Uztailaren 7a

“Bigarren eguna Ganten:

Esnatu gara eta, atzo bezala, dutxa hartu eta gosaria prestatu dugu. Beti bezala, pixka bat berandu iritsi gara autobusera, barkatuko Maddalen 🙏.

Goizean tallerretan jarraitu dugu lan eta lan. Normalean Maddalenek esaten digu tentsio gehiegi dugula; gaur, ordea, baten bati tentsioa gehiegi jaitsi zaio… Lasai, ondo gaude💖. Egun eguzkitsua izan da, bero-beroa. Beraz, bazkaldu bezain laster zerbait hartzera joan eta bilarrean aritu gara. Gero, elkarrekin joan gara erosketak egitera, patxadaz, noski, horrela egiten baitugu dena.

Behin kanpinera itzulitakoan, elkarrekin joan gara bertako laku batera, bainu bat hartzeko. Azkenik, afaria prestatu eta bigarren eguna amaitu dugu”.

Jokin Pedreño

Uztailaren 8a

“A ze egun interesgarria gaurkoa!

Mutilek, Michael Barretekin batera erritmo Sudafrikarrak landu dituzte. Neskek berriz, Jan Schumacherrekin eszena eta abesti erromantikoak interpretatu. Arratsaldean, emanaldi zoragarria eskaini dugu. Eliza jendez gainezka zegoen! Eguna amaitzeko, beste abesbatzekin batera Open Singingen parte hartu dugu.

Primeran pasa dugu!!”

Anne Barron

Uztailaren 9a

“Goizean aste osoan bezala bi taldetan banatuta tailerretan entseatzen aritu gara. Entseguak amaitu bezain pronto, ordea, tailer berezia izan dugu: Paul Smith musikari handiak Dizdizkarekin saio pribatua egin du!

Mundu mailan hain famatua den musikariak Dizdizkarekin lan egin nahi izatea benetako luxua da, baina gainera horrela egitea are gehiago. Izan ere, interpretazioa hobetzeko tresna eta trukoez gain, akordeen oreka bezalako kontu teknikoez ere ari izan baitzazio abesbatzari. Zalantzarik gabe lanean eta hobetzen jarraitzera animatu gaituen saioa. Mila esker, Paul!

Arratsaldean Bruselasera joan gara, baina hori beste baterako…. 😉”

Uztailaren 10a 

“Egun zoragarria. Goizean goiz esnatu, gosaldu eta tallerretara abiatu gara, egunero bezala, taldea bi zatitan banatuz.

Gaur kontzerturako eszenografia prestatzen aritu gara gehienbat, eta, gainera, prestatutako abestiei azkeneko “pintzeladak” eman dizkiegu… oso kontzertu polita egingo dugulakoan nago!

Guztiok elkarrekin bazkaldu ondoren, 45 minutuko bidaiari ekin diogu, eta Brujasera iritsi gara… Zein hiri polita! Bertako kaleetan barrena murgildu eta hiriak dituen txoko bitxi eta politak ikusi ditugu. Gainera, gero, txokolate, postal edo imanak erosteko aprobetxatu dugu.

Gero elkarrekin afaldu dugu eta oso giro polita sortu dugu, gauero bezala… Zelako esperientzia polita bizitzen ari garen!”

Ane Francisco

Uztailaren 11 

“Egun asko lanean egon ondoren, entsegu generalean lan horren erantzunak ikusi dira. Egia da abesbatza guztiek modu desberdinean kantatu zutela, baina guztiok gure hoberena eman genuen. Oso esperientzia polita eta gogorra izan zen.

Michael Barrettekin egin genuen tailertxoa zoragarria izan zen. Ez nuen espero hain denbora gutxian gure Indodana abesteko modua hainbeste aldatuko zenik. Bere aldetik dena eman zuen eta taldeari denboratxo bat eskeintzea jakinda lanpetuta zebilela, harrigarria izan zen”.

Allende Urritegi

Beste argazki batzuk…

Si te ha gustado, te recomendamos…