Joan den irailaren 21ean, 12etan, Donostiako Belodromoan, “Zinemaldia; concierto & proyección” kontzertua eman zen, 67.Donostiako nazioarteko Zinemaldiaren programazioaren barruan. Kontzertu hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Zinemaldiak berak antolatua da, ohiko proposamena bihurtu dena 2700 laguneko edukiera duen gune honetan. Aurten, kontzertu horrek Errenteriako Landarbaso Abesbatzaren lankidetza berezia jaso du, EOSek gonbidatua eta Juanjo Oconen zuzendaritzapean. Kontzertu-ikuskizunean, besteak beste, Elkano, La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico, Arrugas, Handia, Errementari… filmetako musika izan zen entzungai, aldi berean filmeen irudien muntai bat ere ikusten zelarik.

Landarbaso Abesbatzak ilusio handiz bizi izan zuen emanaldia, EOSekin estilo honetako musika proposamen batean lan egiten zuen lehen aldia zelako. 2015ean EOSekin batera Fernando Velazquez getxoarraren “Concert Suites / Music for Films”  diskan  parte hartu zuen. Oraingoan, aldiz, emanaldia kontzertu baten barruan egin zen eta Errenteriako koruak atseginez  parte hartu  zuen, bertaratutako artista guztien lan handi baten barruan. Landarbaso Abesbatzak programako hiru obratan hartu zuen parte:  Elkano, La gran aventura de los Lunnis y el libro mágico eta Errementari, azken obra honen lau mugimenduetatik hirutan. Antolakuntzak eta Juanjo Ocon zuzendariak berak helarazitako zorionek Landarbaso Abesbatzaren lan ona erakutsi zuten kontzertu jendetsu honetan.

Comparte este artículo