Landarbaso Doinuak, Landarbaso Abesbatza Elkarteko markak, datorren azaroaren 23an arratsaldeko 20:00etan Errenteriako Fatima elizan eskainiko duen AFRIKA emanaldi berezia aurkezten du. Bertan ariko dira Landarbaso Abesbatza eta Landarbasoren baitan dagoen kantu eskolako taldeak.

Emanaldi berezi honetan Landarbasoren egitarauetan hain kuttunak izan ohi diren obra afrikarretatik abiatuta, orokorrean Afrikako musika, musika beltza eta egile hegoafrikarrei egingo diete omenaldia. Horrekin batera ordea, Landarbaso Abesbatzak 2019 honetan Baliko lehiaketan eskainiko egitaraua ere oso presente izango da eta horrekin batera ezusteko ugari ere izango dira.

Izan ere, 2019ko uztailean Baliko Nazioarteko 8. Abesbatza Lehiaketan lehiatzeaz gain, Landarbaso Abesbatzak parte hartutako bi kategoriatan urrezko bi domina irabazi eta 104 abesbatza lehiakideen artean onena izatea lortu zuen Grand Prix edo Sari Nagusia irabaziz. Beste batzuetan gertatu bezala, bidaia hartatik ere musika ugari ekarri zuen taldeak, eta hori kontzertu berezi honetan entzungai izango da. 

Emanaldi osoa izango da, hasieratik bukaerara etenik gabekoa eta abesti ezberdinen bidez entzuleak istorio musikal zirraragarri batean sartuko dituena. Bertan ariko dira; kontari, Landarbasoko Dizdizka eta Landarbaso Abesbatzak. 

Horrekin guztiarekin batera, aipatzekoa da Santa Zezilia inguruko emanaldi berezi hau izango dela Errenteriako Udalak Landarbaso Abesbatza Baliko lorpenengatik omentzen aukeratutako ekitaldia. Landarbasok lehiaketan lortutako garaikurrak, baita Grand Prix edo Sari Nagusiko handiena ere erakustoki batean ikusgai jarriko ditu elizara hurbiltzen diren entzule guztientzat eta Udalak taldeari bere historiako lorpenik handiena denaren aitorpena egingo dio.

Emanaldi eta aldi berean omenaldi izango den ekitaldi berezi honetarako sarrerak ohiko bideetan eskuratu ahal izango dira: Niessengo lehiatilan, kontzertua baina ordubete lehenago elizako atarian eta baita online www.landarbaso.com helbidean ere. Helduen sarreraren prezioa 6 eurokoa izango da eta 12 urte bitarteko haurrena 3 eurokoa.

Comparte este artículo