Nortzuk gara
Bazkide egin
berriak
posta zerrenda
Curriculum-a
Emanaldiak
Aldizkaria
Prentsa
Zuzendaria
Partaideak
Harremanetan Jarri
babesleak
erosi CD
Web Honi Buruz
ORRI NAGUSIA PRENTSA ETA IRITZIAK 'KANTUZ' ELKARRIZKETA

Iñaki Tolaretxipiri Elkarrizketa

"Abesbatzaren hamargarren urteurrena
handiro ospatu dugu"

-Ainhoa Larrea Unzain-

Erronka handia izan da Errenteriako zuzendari gazte honentzat, gogo eta ilusioz gainezka ageri den abesbatza batekin Tolosako eszenatokira igotzea, baina handitasunez ospatu nahi zuten abesbatzaren hamargarren urteurrena eta apostu gogorra egin dute. Abesbatza indartuta atera da esperientzia honetatik eta beraien etorkizun korala antolatzen ari dira, iristen ari zaizkien gonbidapenen artean aukeraketak eginez, baina Tolaretxipik "herriko koru xume bat direla ahaztezina dela" dio.


Kantuz.- Zorionak Tolosan eskaini dituzuen emanaldiengatik.

Iñaki Tolaretxipi.- Eskerrik asko, oso pozik gaude esperientziarekin.

K.- Nola sortu zen Tolosara joateko ideia?

I.T.- Duela lau urte, Tolosako Ekinbide Etxeak gonbidapena luzatu gintuen, baina orduan prestakuntza falta genuela uste genuen. Hala ere, denborarekin heldutasuna lortzen joan gara eta, aurten abesbatzaren hamargarren urteurrena ospatzen genuela kontutan izanik, Lehiaketara joatea erabaki genuen.

K.- Tolosako eszenatokiak ez al du beldurrik sortarazten?

I.T.- Bai, eta gogorrena presioa da: prentsa, beste zuzendari eta abesbatzak, entzulegoa. Eszenatokira atera aurretiko unean urduritasuna bilakatzen da nagusi. Gainera, abesteko oso leku txarra da, teknikoki lan handia eskatzen baitu.

K.- Eta sor daitezkeen etxekoen kritikek ez al zaituzte atzera botatzen? Batzutan gertukoenekin gaiztoak izan gaitezke eta.

I.T.- Bai, baina lehiaketa ezaguna zaizu eta bertan partehartzeko erabakia hartzen duzunean, badakizu zer topatuko duzun. Ez da gauza berria.

K.- Zein helburu finkatu ditu abesbatzak Tolosako partehartzean?

I.T.- Esperientzia berri bat bizitzea, batipat. Tolosan abesteko aukera oso abebatza gutxiri iristen zaio eta aukera sortu zitzaigunean aprobetxatu nahi izan genuen. Esperientzia honi esker, abesbatzak hobekuntza musikal garrantzitsua lortu du.

K.- Helburuak bete al dira?

I.T.- (Barreak) Bai, soberan!.

K.- Nola bizitu du abesbatzak esperientzia hau? Zein izan dira alde baikorrak eta alde ezezkorrak?

I.T.- Alde ezezkorrarik ez dela egon uste dut, aurreko egunetako presio eta tentsioa kenduz. Bestalde, abeslariek fisikoki "erreta" bukatu dute. Eta alde baikorrei dagokienez, asko egon dira: abesbatza, helburu berdina lortzeko, batu egin da eta koroak lortu duen prestakuntza maila bikaina izan da.

K.- Nola landu da Lehiaketako prestakuntza?

I.T.- Lehiaketa prestatzen urtarrilan hasi ginen eta kontzertu anitz prestatu genituen, programa ziurtatzeko eta abesbatzari lana emateko. Programa oso gogorra zen eta ez genuen uztaila arte osatzea lortu. Lehiaketa aurretik zortzi kontzertu eman ditugu.

K.- Nola prestatu da programa?

I.T.- Bi fasetan: lehenengoa urtarriletik ekainera joan zen eta oso lan lasaia egin genuen, kontzerturik eskaini gabe. Oporrak aurretik lau kontzertu eman genituen eta abuztuan oporretara joan ginen. Bigarren fasea (irailetik Lehiaketa arte) askoz ere intentsoagoa izan da, hiru entseiu astean eta zortzi kontzertu eskainiz.

K.- Nola ikusi duzu abesbatza Tolosan?

I.T.- Uste nuena baino askoz ere lasaiago eta erreztasun handiarekin.

K.- Nolakoak izan dira beste abesbatzekiko desberdintasunak: handiak, espero zirenak,...?

I.T.- Beste abesbatzek musika prestakuntza hobea dutela ikusi dut eta, batez ere, prestakuntza teknikoa, esperientzia gehiago eta lehiaketetan aritzeko ohitura handiagoa. Baina gure abesbatzak beste abantaila batzuek zituela pentsatu behar da: Landarbaso izan zen partiturarik gabe aurkeztu zen abesbatza bakarra, Lehiaketan ez zegoen hamar hilabete lanean arituriko beste abesbatzarik, jarri genuen ilusioa, ... Desabantaila eta abantailen arteko oreka lortu genuela uste dut.

K.- Zer iruditu zaizkizu derrigorrezko obrak?

I.T.- Biak oso gogorrak.

K.- Laburbil iezaiguzu Landarbasok Lehiaketan aurkezturiko errepertorioa.

I.T.- Obretako batzuk pertsonalki aukeratu nituen, baina beste batzuek aukeratzeko Javier Busto eta Enrique Azurzaren aholkularitza izan dut. Aurkezturiko programa nahiko potentea, baina era berean ziurra dela uste dut. Polifonian I love alas obra azpimarra daiteke, nahiko partitura ezezaguna; O Salutaris Hostia, abesbatza bikoitzarekin abesturiko Eslava-ren obra; eta Misikinis-en Gloria apostu pertsonala izan zen, zailtasun izugarrizko obra, ia sei minututako musika baita. Folklorean, ertain-altu mailako obrak aurkeztu genituen, bakarlariak ekidinez, inor konpromisu batean ez jartzeko. Javi Bustok abesbatzarentzat idatzi zuen Lili eder bat abestu genuen eta baita Aldapeko ere, oso gutxi abesten den garapeneko obra oso polita. Beste abesbatzei azken obra hau abes dezaten gomendatu nahiko nien.

K.- Beste abesbatzek kantatu duten errepertorioren batek harritu al zaitu?

I.T.- Bai, adibidez, jugoslaviarrek ekarri duten erreperotio sinpleak harritu nau, gaur egungo momentuarekin bat ez datorrena; bestalde, letoniar eta suitzarrek aurkeztu dituzten obrak izugarriak izan direla uste dut, oso abesbatza gutxik abes ditzaketelako.

K.- Entzun duzun abesbatzaren batek erakarri al zaitu?

I.T.- Letoniarrak, zalantzarik gabe, daukaten soinu eta perfekzioagatik. Ez dut inoiz horrelakorik ikusi, ikaragarria!.

K.- Nola hartu zuen ikuslegoak Landarbaso?

I.T.- Oso ondo. Ostiralean ostegunean baino epeltasun gehiago nabaritu genuen eta horrek abesbatzaren jarreran islada garbia izan zuen, baina orokorrean entzulegoaren babesa sentitu dugu.

K.- Eta nolakoa da abesbatza partaideen arteko harremana?

I.T.- Oso murritza eta hori penagarria dela uste dut. Abeslariek beraien artean ezagutzeko aukerarik ia ez dute izaten, baina lortzen dena zuzendarien arteko hartu-emana da. Bestalde, lehiakideen artean norgehiagoka sentimenturik ez dut nabaritu.

K.- Zein ezaugarritako abesbatza zuzentzen duzu?

I.T.- 17 eta 29 urte bitarteko gazteez osaturiko abesbatza da, eta ia guztiak haur abesbatzetatik datozenez, heziketa musikala dute. Nazioarteko lehiaketetan esperientziarik ez dute, baina bai estatu mailako lehiaketetan. Eta taldea mantentzen badugu, hurrengo urteetan aurrerakada handia egingo duen abesbatza da.

K.- Etorkizunerako zein helburu ditu abesbatzak?

I.T.- Datorren urtean ez dugu lehiaketetan parte hartuko eta, batez ere, ahots teknika landuko dugu, kanpotar abesbatzen aldamenean ikasteko asko daukagula uste dudalako alor honetan. Agian, bi urte barru nazioarteko lehiaketa batean parte hartzeko erabakia har dezakegu.

K.- Euskal Herriko mundu koralaren hausnarketa egiterakoan, zein balorazio egin daiteke? Nola ikusten dituzu etxeko abesbatzak?

I.T.- Transizio momentuan gaudela uste dut, baina gehien kezkatzen nautenak haur abesbatzak dira. Landarbasoko abeslari gehienak Landarbaso Txiki eta Txinparta abesbatzetatik datoz, eta etorkizuneko abeslariak nondik etorriko diren galdetzen diot nire buruari, lanean ari diren haur abesbatza oso gutxi dagoelako. Hala ere, itxaropena mantendu behar dugula eta guztien artean haur abesbatzen mugimendua sustatzeko moduak bilatu behar ditugula uste dut.

K.- Zein konponbide topa daitezke?

I.T.- Nire ustez konponbidea zuzendarietan bilatu behar da. Zuzendari berriak aurkitu eta bere garaian lan ikaragarria egin baina oraintxe abesbatzekin harremanik ez duten pertsona guztiak erakarri behar dira. Pertsonalki, Landarbaso Txiki beregain hartuko duen pertsona topatzeko irrikaz nago, etorkizuna haur abesbatzetan baitago.